© 2017 Hogash Studios.

Olio-pinturak

Olio-pinturak ikusi

Marrazkiak

Marrazkiak ikusi

Collageak eta bestelakoak

Collageak eta bestelakoak ikusi

Julian Ugarteren pintura espresionismoaren esparruan kokatu ohi da, baina oso espresionismo berea duela esan genezake.

Gai aldetik errealismo kostunbristarako joera duela aipatu izan bada ere, esan beharra dago Ugarteren sintaxia oso desberdina dela: askoz modernoagoa eta irekiagoa da, adierazkortasun handiko enpasteak ditu, ore lodiko pintzelkadak, ehundurak eta trazu nabarmenak, ikusmenerako ez ezik ukimenerako ere aski deigarriak. Margolanak orban handien bidez taxutzeko modu hori bereizgarria du Ugartek bere ibilbide osoan, eta esan daiteke horrek definitzen duela, nagusiki, ugartetar estiloa dei genezakeena.

Julian Ugarteren paleta nahiko soila da koloretan, baina, aldi berean, indar espresibo handikoa. Ugariak dira Gipuzkoako landa-paisaien tonu berdeak, Nafarroako eta Arabako lur horiak, Gaztelako paisaia okre nahiz arreak, euskal portu eta itsasoetako urdin-grisak, bai eta biluzietako eta hondartzetako okre nahiz horiak ere. Nabarmentzekoak dira, era berean, Gernikan saileko gorri-horiak, ez baitira oso ohikoak Ugarteren pinturan.

Parisen, bertatik bertara ezagutu zituen pinturaren abangoardiak. Haietatik berari interesatzen zitzaiona bereganatu, eta, ondoren, bere bideari jarraitu zion, bere barne-ahotsari, bere-berea zuen hizkuntzari. Picasso, Gris, Braque... miresten zituen. Esaterako, kubismoaren eta konstruktibismoaren irakaspenak onartu, eta bere estilora egokitu zituen. Hain zuzen ere, Parisko garaian "natura estilizatua" interesatzen hasi zitzaion, eta bide horretatik, pixkana-pixkana, kubismo sintetikora iritsi zen. Kubismo hori agerikoa da hala Parisko hiri-arkitekturaren margolanetan nola Frantziatik itzultzean margotutako Espainiako herriei buruzko lanetan; eta hori guztia zertzelada nabarmenen bidez adierazia, bolumenen bidez, bere adierazkortasunari etekinik handiena ateraz. Eta hala, espresionismo konstruktibistara iritsi zen, gero eta askeago, joera abstraktuagoko lan batzuk ere sortzeraino, batez ere 90eko hamarkadan.

Margolari soila dugu, esentzialtasunaren eta sintesiaren bila ibilia. Margolari petoa, erabatekoa; eta marrazkilari bikaina. Bere lan guztietan marrazki bat dago gordean; marrazki horretatik abiatzen da, mugimendua ematen dio, eta gero kolorez, materiaz, ehunduraz betetzen du. Ugarteren lanek sendotasun eskultoriko handia ageri dute, argia maisuki erabiliz eta konposizio azpimarragarriaz nabarmendua.

GORA