© 2017 Hogash Studios.

Zarautz (Gipuzkoa), 1929 - Donostia, 2015

Txiki-txikitatik agertu zuen arterako zaletasuna, eta bokazio horri jarraituz, 13 urterekin hasi zen lehen pintura-eskolak jasotzen, Zarauzko Arte eta Ofizio Eskolan. Ondoren Angel Cabanas Oteiza margolaria izan zuen maisu, haren estudioan, herri berean.

Madrilen jarraitu zituen arte-ikasketak: 1952 eta 1956 artean San Fernandoko Arte Ederren Eskolan ikasi zuen, eta, ondoren, Arte Ederren Zirkuluan.

1960an Parisera jo zuen; han, pintura-eskoletara joateaz gain, hainbat museo, galeria eta arte-bilduma ikuskatuz jarraitu zuen bere prestakuntzarekin.

Parisen bizi izandako zazpi urteetan, sarri itzuli ohi zen Zarautza, eta bere herri kutunean hainbat ekimen eraman zituen aurrera, euskal kulturaren sustatzaile gisa:

Alde batetik, 1962an Galeria Estudio arte-galeria zabaldu zuen, garai hartako Arenal kalean. Han izaten zuen ikusgai bere lana, baina horrez gainera, eta besteak beste, euskal artista gailenen antologia bat ere antolatu zuen: erakusketa bakarrean bildu zituen Arteta, Ramon eta Valentin Zubiaurre, Iturrino, R. Baroja, Tellaeche, Salaverria, Behobide, Zuloaga eta Pablo Uranga euskal artista handiak.

Beste alde batetik, Zarautzen bertan, Asociación de Amigos del Arte elkartearen sortzailea izan zen, eta haren barruan haurrentzako lehen pintura- eta marrazketa-eskola sortu zuen, Sanz Enean. Bertan 5 urtez eman zituen eskolak Ugartek berak.

Horrez gainera, 1964an, Zarauzko Aire Zabaleko Pintura Lehiaketa sortu eta antolatu zuen. Aire zabalean pintura-lehiaketak antolatzearen ideia, ondoren, Espainian zehar hedatu zen, eta, beraz, Ugarte jo daiteke modalitate horren abiarazletzat Espainiako estatuan. 1997. urteaz geroztik, Artezaleak elkarteak antolatutako Zarauzko Aire Zabaleko Pintura Azkarraren lehiaketak margolariaren izena darama, sortzailearen oroimenez.

1968an, Zarauzko Horma Pinturen Lehiaketa abiatu zuen, Espainiako estatuan aitzindari izan zena. Lehiaketa horretako irabazleen artean, Tomas Hernandez, J.L. Goenaga eta Ricardo Ugarte aipa daitezke, besteak beste.

Urte hartan bertan Donostian kokatu zen behin betiko, eta hiri horretan, bere obra garatzeaz gain, pintura-eskolak ere eman zituen.

1974an, Zarauztik Donostiara eraman zuen Galeria Estudio bere arte-galeria. Urte luzez hainbat erakusketa antolatu zituen galeria horretan; besteak beste, batzuk aipatzearren, Dalí (lan grafikoa), G. Chillida, Ibarrola, Menchu Gal, Zumeta, Tàpies, M. Cárdenas eta Barcelórenak. Eta, nola ez, Ugarteren obraren erakusleiho ere bihurtu zen galeria, 2006. urtean itxi zen arte.

SUBIR